Ekologistak garelako, ETA EZ!

Ekologistak Martxan taldeak Ignacio Uria Mendizabalen sendia, lagun eta lankideekin elkartasuna adierazten du. Hau dela eta AHTaren eraikuntzan parte hartzegatik pertsona bat erailtzearekin desadostasuna adierazten du

 

 

Gainera, beharrezkoa den AHTi buruzko eztabaidari eragiten diola uste du - ezerk eta inork ez luke euskal gizartea adierazten oztopatu. Hori ez da ekologismoa! Hori ez da gure ekologismoa! Horrek ez du guk amets egiten dugun gizartea gauzatzeko laguntzen. Horrek ez du Abiadura Handiko Trena gelditzen laguntzen. Guk ez dugu era horretan Abiadura Handiko Trena gelditu nahi.

 

La muerte de cualquier hombre me disminuye

porque formo parte de la humanidad

por eso nunca quieras saber

¿por quién doblan las campanas?

están doblando por tí

(John Doone)

 Ignacio Uria Mendizabalen heriotzaren lehenengo ondorioak biolentziak gure gizartean sortzen dituen mina, kaltea eta sufrimendua areagotzea dira. Horregatik, egin nahi dugun lehendabiziko gauza Ignacio Uriari gertuenak direnei elkartasuna adieraztea da, min hori ezagutzen eta harekin bat egiten dugulako.

 Bigarrengoz era bortitz hauen jarduerekin desadostasuna adierazi nahi dugu, ulertzen baitugu hain beharrezkoa den AHTi buruzko eztabaidari eta azpiegitura honen aurka gauden hiritarren protesta legitimoei negatiboki eragiten diezaiekeelako.

Ez ETA ez inongo ekintza armatuak, ez inongo imposaketak behar den AHTi buruzko gizarte mailako informazio, eztabaida eta partaidetza prozesua ordez ditzake eta euskal gizartea  libreki eta arduraz adierazteko oztopatzen legitimotasunik ez dauka.

Berriro ere orain arte egin dugun bezala, gure AHTen aurkako konpromisoa  azpimarratu nahi dugu, era publiko, zuzen eta ez-biolentoan.

Ildo horretan 2008eko otsailan publikoki aurkeztu genuen jarrerarekin bat egiten dugu berriro.

 Abiadura handiko trenaren proiektuei buruz

Abiadura handiko trena (AHT) Euskal Herriaren ingurumenak gertu duen mehatxurik handiena da, kalte handiak eragingo baititu ekologian, gizartean eta ekonomian.

 Abiadura handiko sare baterako hiru proiektuok, alegia, “Euskal Y-k”, “EAE-Nafarroako Korridoreak” eta kantabriar mendikaterako luzapenak, kalte larria eragingo dute ingurumenean, ekologian eta lurraldean. Zehazki hitz eginda, Euskal Y-k, 194 Km hartuz eta 47 udalerriri eraginez, kalte hauek egingo ditu: zuzenki harrapatuko ditu lur-zoruaren 671 Ha; nekazaritza eta basogintzako lur-zoruaren 440 Ha suntsituko ditu; 518 Ha estaliko ditu obra-hondakindegi bihurtuta (16 milioi m3 obra-hondakin eta masa geldo biltzeko tokia);  lur-mugimendu itzela (33 milioi m3); porlan eta agregakin-kontsumo handia 80 tunel egiteko (104 km); 71 bidezubi (17 km); kalteak erreken eta ibaien 103 puntutan, bai eta oso edo guztiz zaurgarriak diren lur azpiko akuiferoen 31 km-tan ere. Gainera, natur-gune babestuei edo interes natural handikoei ere eragingo die. “EAE-Nafarroako Korridore edo H” delakoak 200 km-tan luzatuko ditu afekzio mota horiek.

 Larria da mugikortasun-eredu honi eusten jarraitzea, azpiegituretan eta funtzionamenduan baliabide naturalak eta materialak izugarri gastatzen baititu eta energia-kontsumo altua baitu.

 Larria da azken hamarkadetako inbertsiorik handiena azpiegitura horretan egitea. Izan ere, batetik, AHTk euskal hiriburuak lotuko ditu bakarrik, eta hiriburuok Europa zeharkatzen duten abiadura handiko sareekin; beste aldetik, aldi berean, Euskal Herriko trena bazterrean eta zaindu gabe utziko du eta udalerri txiki eta ertain gehienek eta biztanleriaren zati handi batek garraio publiko nahikorik gabe jarraituko dute. Ofizialki, 4.200 milioiko gastua dago aurreikusita Euskal Yrako, portuetara eta hiriburuetara sartzeko bideak eta geltokiak kontuan hartu gabe. Gastu hori 6.000 milioi eurotara hel liteke, hau da, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren 54 urtetarako aurrekontuaren bestekoa eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren 24 urtetarako aurrekontuaren hainekoa. Beste iturri batzuen arabera, gastua 5.820 milioi eurokoa izan liteke (30 milioi €/km), gaur egungo prezioen arabera. EAE-Nafarroako Korridorearen kostua beherantz kalkulatuz gero, 3.600 milioi eurokotara hel liteke (18 milioi €/km).

 Proiektu horien ondorioz, ingurumena suntsitzen eta “kontsumo-gizartearen” eredua elikatzen jarraituko dugu. Eredu horrek pertsonen nahiz komunitateen arteko desberdintasun ekonomikoak eta sozialak handitzen ditu eta, gure gizartean, pertsonak eta kolektiboak miserian eta baztertuta bizitzera kondenatu, bai eta planetako gizateriaren ¾ ere. Gure biziraupena ere kolokan jartzen du.

 Horren aurrean garraio- eta tren-eredu jasangarri eta demokratiko baten alde egiten dugu, gizartea eta lurraldea kohesionatzeko, herritarren premiei konponbide arrazionalak emateko, herriak arrazoizko abiaduraz eta maiztasunez lotzeko, baliabide eta energiaren xahuketa ekiditeko…

 (*) Oharra: Ingurumen eta ekonomiaren gaineko kalteei buruzko datuak dokuemntu honetatik atera ditugu: “AHTk Euskal Herrian eragingo lituzkeen kalteen inguruko txostena” (AHT gelditu! Elkarlana, 2007ko martxoa), www.ahtgelditu.org eta “Plataforma Ribera por un Tren Social-No al TAV”.

 Euskal mugimendu ekologista eta AHT

Espainiako abiadura handiko proiektuen kontrako salaketa mugimendu ekologistaren betiko aldarri bat da eta, zehazki, euskal mugimendu ekologistarena, urte luzetan ibili baikara modu aktiboan eta elkartasunean Madril-Sevilla AHTren aurkako borrokan eta aspalditik, ia sortu zenetik, Euskal Herriko “Abiadura HandikoY-H” proiektuak iragartzen eta salatzen baikabiltza.

 

Gure oposizioa beti jende aurreko ekintzez bideratu dugu, alegia, informazioa emanez, sentikortuz eta salatuz. Hauek izan dira gure xedeak:

·        herritarrak informatzea gure komunitatean eta etorkizunean eragingo dituen kalteez eta ondorioez

·        proiektu erasokor eta xahutzaile horiengatik erakundeen aurreko gizarte-salaketa egitea

·        AHT proiektuen aurrean, gaur ez dagoen eztabaida soziala bultzatzea

·        horrenbesteko eragina duten erabakietan gizartearen partaidetza nahitaezkoa dela aldarrikatzea

·        proiektu horiek gelditzeko eskatzea, gure gizarte-ereduaren kontrakoak dira eta.

 Xede horiek lortzera bideratzen gaituzten jokabideen alde jarraitzen dugu eta, beraz, AHT proiektuen eta euren gizarte-ereduaren gaineko informazioa, sentikortasuna eta erantzun soziala gehitzera.

 Errepresioa eta kriminalizazioa AHTren kontrako mugimenduaren aurka

Azken hilabeteetan, bai erakundeetatik bai komunikabideetatik, lanean ari dira AHTren aurkako mugimendua, mugimendu ekologista barne, deslegitimatzen eta kriminalizatzen. Horretarako, ezker abertzaleko zenbait talderen partaidetza hartu dute oinarritzat, partaidetza hori bidezkoa den arren, eta nahastu egin dute ETAk borrokan izan lezakeen partaidetzarekin, partaidetza mota biak maila berean kokatzearren.

 Jokabide horren helburu nagusia AHTren aurkako mugimendua deslegitimatzea da eta mugimendu horren izena zikintzea, baita gero eta handiagoak diren sentikortasuna eta gizarte-mugimendua gelditzea ere. Horretarako, ETAren babespean edo inguruan kokatzen dute AHTren kontrako mugimendu edo aurkaritza oro, hori baita AHTren kontrako edozein protesta kriminalizatzeko era erreprimitzeko aurretiko pausoa.

 Ez da jokabide berria. Mugimendu ekologistak gauza bera pairatu zuen Lemoizko zentral nuklearraren, Leizarango autobidearen eta Itoizko urtegiaren aurkako borrokan.

 Itoizko borroka adibide aparta da. Indarkeriarik gabeko aurkaritza, eredugarria izan zen, auzitegiek emandako aldeko epaiek ere legitimatu zutena. Erakundeen zentzugabekeriak, berriz, ekintza zuzenetara bultzatu zuen, obrak gelditzearren, beti ere pertsonak eta haien segurtasuna zorrozki zainduta. Hala eta guztiz ere, ekintzok jazarri eta kartzela-zigor larriak ezarri zizkieten egileei, halako moduan non 11 urte igaro ondoren oraindik bizirik dirauten. Errepresioa erakundeek eta Itoizko urtegiaren aldeko komunikabideek babestu zuten.

 

Berriro ere ari dira kontzienteki eta berariaz ekintza eta bortizkeria mota desberdinak nahasten, nahiz eta etikaren, legearen eta politikaren ikuspegirik balorazio eta tratamendu desberdinak dituzten.

 Errepresioa, mediatikoa, poliziala, judiziala, une honetan errealitate bat da; horra hor komunikabideek AHTren aurkako protestak nola isiltzen eta manipulatzen dituzten, poliziak manifestazioetan nola erantzun duen, epaileek guztiz baketsuak izan diren salaketa-ekintzak nola zigortu dituzten, hala bulegoen okupazio sinbolikoagatik nola Lehendakariaren ekitaldi publiko batean AHTren aurkako banderak erakusteagatik.

 Inposizioa eta erantzunak

AHTren proiektuak Gobernu Zentralaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarrako Gobernuaren inposizioak dira, herritarrei informazio nahikoa, egiazkoa eta kontrastatzeko modukoa eman gabe prestatu eta gauzatzen hasi baitira. Ez da eztabaida sozial sakonik egon eta ukitutako udalei eta biztanleei ez diete begirunerik erakutsi, proiektuen aurkako jarrera erakutsi baitute udal-akordio, erreferendum eta herri-kontsulten bidez.

 Testuinguru horretan, proiektua argi eta garbi inposatu eta aurkakoak kriminalizatuta, gure ustez, erantzun bortitzak errazteko egoera sortzen ari da, geuk inolaz ere babesten ez ditugun erantzunak hain zuzen.

 Gur eustez, ekintza bortitzek eta armatuek ondorio negatiboak izango lituzkete eskatzen dugun eztabaida sozialean eta proiektu irrazional horren aurkako herritarren bidezko protestetan. Ondorio negatibo hauek ere ekarriko lituzkete:

·        lehenengo eta behin, gure gizartean indarkeriak eragiten dituen kalteak, sufrimendua eta mina sortzea edo gehitzea

·        AHTren aurkako mugimenduaren batasuna hauskorra apurtzea,

·        AHTren eta berak bultzatzen duen gizarte motaren gaineko eztabaida soziala oztopatzea eta desitxuratzea,

·        AHTren aurka ari diren gizarte-sektore batzuk desmobilizatzea,

·        Bortizkeria armatuaren kontra gizartean dagoen jarrera AHTren aurkako mugimenduaren kontra bihurtzea,

·        AHTren inguruko proiektuei buruzko edozein informazio-ekintza/ eztabaida/ partaidetzatatik urruntzea.

 AHT proiektuen guztiz aurka  gaudela argi utzita, orobat une honetatik bertatik argi utzi nahi dugu AHTren alde egoteagatik pertsonen kontran, eta haien segurtasunaren kontra, egin litekeen edozein ekintza bortitzen guztiz aurka gaudela, bai eta entitate eta erakundeen kontra egin litezkeenengatik ere. Une honetatik bertatik gure elkartasuna erakutsi nahi diegu horrelako ekintzek kaltetuta izan litezkeen pertsonei. Era berean, espero dugu elkartasun hori elkarrekiko izatea, alegia, haiek guri ere erakustea, AHTren aurkako jarrera baketsu eta bidezkoagatik inposizioa, errepresioa eta kriminalizazioa pairatzen ari garenoi.

Gure konpromisoa

Ekologistak Martxanek, Ecologistas en Acción-en konfederatutako erakunde honek, lanean jarraituko du abiadura handiko sareen kontra, eta zehazki, Euskal Herriko AHT proiektuen aurka.

 AHTren kontrako lanean orain arte bezala jarraitzeko gure konpromisoa berriro erakutsi nahi dugu, hau da, gure jarduera jende aurrekoa, zuzenekoa eta bortizkeriarik gabea izango dela, eta aipatutako moduan eta xedeekin jarraituko dugula.

 Berriro ere gure konpromisoa adierazi nahi dugu AHT bezalako proiektuen irrazionaltasuna salatzen duten mugimenduetan (AHT gelditu-n! Elkarlanean) parte hartzen jarraitzeko, bai eta garraio-eredu ekologikoago eta jasangarriagoen alde egiten duten mugimenduetan ere (Tren sozial baten aldeko sareetan)…, uste baitugu alternatibak badaudela oraingo garraio mota eta inposatu nahi digutena ordezkatzeko.

 Euskal gizartea gonbidatzen dugu AHTri buruzko informazio hartzera, horretaz eztabaidatzera eta, orobat, AHT proiektuen aurkako mugimenduan parte hartzera.

 Gai honetan ardura duten erakundeei, Espainiako, EAEko eta Nafarroako Gobernuei eskatzen diegu AHTren obrak gelditzeko eta, azpiegitura horri buruz nahiz Euskal Herriko garraioaren ereduari buruz, informazio-, eztabaida- eta partaidetza-prozesu zabal bati hasiera emateko, uste baitugu ekologikoa eta jasangarria izan behar dela.

 Hori guztia xede jakin batekin: euskal gizarteak hitza hartu eta askatasunez eta arduratsu AHTren kontrako jarrera erakusteko aukera izan dezan.