Gazteria eta iraultza Venezuelan
«Alvaro Uribe presidenteak Latinoamerikako Israel bihurtu zuen Kolonbia»
David A. Rodríguez, PSUVren gazte erakundeko kidea.
Andoni Etxeberria. BERRIA . Bilbo David A. Gomez (Puerto Ordaz, 1990) Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren gazte erakundeko sortzaileetako bat da. PSUV Hugo Chavez presidentearen ekimenez sortu zen, 2007an, eta mugimendu sozialista eta iraultzaile hori da herrialdeko gazte eragilerik handiena, milioi bat militante inguru baititu. Gomez, era berean, PSUVeko nazioarteko arduraduna da, eta Iratzarrik eta Gazte Komunistek gonbidaturik Euskal Herrian dago egunotan. Ekintzaile venezuelarrak Gazteria eta iraultza Venezuelan hitzaldia emango du bihar Bilboko Sildabia Kultur Libre Gunean, 19:30ean. Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko harremanek zer esan asko eman dute azkenaldian. Zertan da egoera gaur egun? Herri senidea da guretzat Kolonbia, gauza gehiagok lotzen gaituzte bereizi baino. Hala ere, Alvaro Uribe presidente ohiaren keinu askok ez zuten inguruko estatuen subiranotasuna errespetatu; Ekuadorko lurretan egindako erasoaz ari naiz, egindako adierazpenez, AEBei zazpi base militar baimendu izanaz... Uribek Latinoamerikako Israel bihurtu zuen Kolonbia. Eta Kolonbiak Venezuelaren lurralde osotasuna urratzen badu, erantzun beharra daukagu. Chavezek beti erakutsi du osotasunaren aldekoa dela, herrien autodeterminazioa errespetatuz. Hugo Chavez Latinoamerikaren batasunaren aldeko lana egiten ari da. Zer dela eta? Iraultza Bolivartarraren aukera onenetakoa izan da nazioarteko politika egiteko. Hego Amerikako herrialdeen arteko batasuna bultzatu da, kultura eta hizkuntzaz gain, arlo ekonomikoan, hezkuntzan eta komunikazioan. Izan ere, historian zehar eremu honetako estatuek, auzokoak beharrean, urruneko herrialdeak ikusi dituzte aliatu moduan: Europakoak edo AEBetakoak. Horregatik, beharrezkoa zen kontinente moduan dauzkagun abantailak sustatzea, orain arte bezala kapitalean oinarritutako elkarlanaren ordez, kontinentearen garapen sozialean oinarritutako elkarlan bat sustatuz. Alabaina, izan dira Chavezi kontinentea zatitzea eta proiektu hedatzailea bultzatzea egotzi diotenik. Horrelako akusazioak datoz, hain zuzen, Venezuelaren ekimenaren ondorioz euren interes ekonomikoak eta mundu hegemonia arriskuan ikusten dituzten eskumako sektoreetatik. Hainbat inperiok ez dute Hego Amerika garatzeko interesik izan. Guk, aldiz, askotariko mundu batean sinesten dugu, ideia aniztasuna egongo den mundu batean. Eta hor ez luke tokirik inor menperatzeko asmoz bonba nuklearrak eta armadak bidaliko dituen poliziarik. Hugo Chavez diktadore deitzen dutenen inguruan zer iritzi duzu? Hori burgesiaren inperialismoaren engainu bat da. Izan ere, iraultza diktaduraren guztiz kontrakoa da, ahalik eta bide gehien zabaldu baitira herriak parte hartzeko. Are gehiago, esaten dugunean 1999 baino lehen Venezuela demokrazia parte-hartzailea zela, ahaztu egiten dugu erroldatu gabeko lau milioi pertsona baino gehiago zegoela, hau da; bozkatzeko adinean zegoen biztanlegoaren %35 ez zegoen hauteskunde erroldan. Beraz, iraultzak egindako lehen ekimenetako bat horixe izan zen: «Identitate misioa», pertsona horiek guztiak hauteskunde erroldan sartzeko. Hortik aurrera, komunitateen parte hartzeko ekimenak etengabe garatu dira. Horregatik, gaur egun Venezuela inoiz baino demokratikoagoa dela esan genezake. Zein erreferente izan nahi du Venezuelak nazioarteko arloan? Venezuela bada dagoeneko nazioartean erreferente bat, kontinente eta mundu zuzenago bat lortzeko bidean egiten ari den politika ezberdinagatik. Nola sortu zen PSUV, eta zein helbururekin? PSUV alderdia 2007an sortzeaz batera, bertan gazte arlo bat eratzeko beharra ikusi zen. Helburu nagusia izan zen gune bat sortzea, mundu bidezkoago bat desio duten gazteek eztabaidarako lekua izan zezaten. Ezin dugu ahaztu gazteria dela gizartean aldaketak bideratzen dituena. Horregatik, eskuma atzerakoienak beti masakratu izan du gazteria Venezuelan. PSUVri esker, gazteok aukera dugu iraultzaren aldaketen harira parte hartze zuzena izateko. Zertan eta nola aldatu da gazteen egoera Hugo Chavezek agintea hartu zuenetik? Gazteen egoera erabat aldatu da, batez ere, gehiengoa zen maila ekonomiko pobreenetakoen egoera. 1999 baino lehenagoko Venezuelan neoliberalismoa zen politika nagusia; Merkataritza Libreko Itunak ezarriz, Munduko Bankuarekiko lotura... Politika horrek herritarrak pobretu zituen, eta, ondorioz, gazteek ez zuten unibertsitatean sartzeko aukerarik ere. Hugo Chavezek agintea hartu zuenetik egoera aldatuz joan da. Gazteek parte hartzeko aukera ukan dute, eta bi lorpen nagusi aipatuko ditut: batetik, 1999tik 2002ra lortu zen lehen aldiz analfabetismo tasa zerokoa izatea. Bestetik, unibertsitaterako sarrera erraztu zaie ikasle guztiei, unibertsitate berriak sortuz eta pribatizaturik zeuden zentroak publiko bihurtuz.